Digitalizazioa funtsezko atala da negozioa garatzeko eta hazteko estrategian.
ULMAko antolaketa zuzendari Igor Lacallek xeheago azaldu digu digitalizazioak gure erakundean duen garrantzia.
Zer garrantzi dauka digitalizazioak gure enpresa jardueran?
ULMAko funtsezko kudeaketa prozesuak elkarrekin konektatuta eta erlazionatuta daude, lankidetzako ingurune digital baten inplementazio korporatiboaren bidez. Digitalizazioa funtsezko atala da negozioa garatzeko eta hazteko estrategian; izan ere, barne eraginkortasuna handitzea, baliabideak optimizatzea eta balioa eta negozio ezagutza sortzea dakar ezinbestean, eta horrek eragin positiboa du gure bezeroentzako kalitatezko soluzio eta zerbitzu berritzaileen eskaintzan.
Merkatuan daukagun lehia balioa, funtsean, ULMA osatzen dugun pertsonen kualifikazio, inplikazio eta konpromiso maila handian datza, gure bezeroekin eraikuntza erronka berrietan murgiltzeko orduan. Balio preziatu hori dugu abiapuntu; horrek bereizten gaitu, eta erabakigarria da teknologia digital berriak ezartzeko orduan. Teknologia horiek, hasieran behintzat, ahalegin gehigarria eta antolaketa kulturaren aldaketa dakarte.
Zeintzuk dira inplementazio korporatibo digital batek arrakasta izateko gakoak?
Teknologia digital berriak inplementatzea posible da enpresa proiektuen kudeaketa ulertzeko daukagun moduari esker. Homogeneizazioak eta estandarizazioak berebiziko garrantzia daukate irismen globala lortzeko, horrek gainditu egiten baitu matrizeak eta egunero modu koordinatuan eta bateratuan lan egiten dugun 21 filialek osatutako erakunde osoa. Software, mikro zerbitzu, plataforma eta teknologia digital berrien aplikazioak balio eta eraginkortasun operatibo handiagoa sortzen duen efektu eraldatzailea dauka, eta, horretarako, ezinbestekoa da proiektu bakoitzean inplikatutako pertsona guztien kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza.
Berrikuntza eta lehiakortasuna, bi-biak dira aldaketarako daukagun aldez aurreko jarreraren emaitza naturala, eta horrek ere funtsezko zeregina betetzen du gure erakundean inplementazio digitalak daukan arrakastan. Aurreikuspenerako, egokitzeko eta agertoki berriei modu adimentsu, malgu eta eraginkorrean aurre hartzeko daukagun gaitasuna bezeroarenganako orientazio argiak markatutako gure balioen parte da, eta proiektu bakoitzari gogotsu eta motibazioz helduz hobetzeko daukagun grinak konfiantzan oinarritutako harremanak sortzen ditu ezinbestean, gure bezeroek eta laguntzaileek oso positiboki baloratzen dituztenak. Inplementazio horren arrakasta, gainera, lan ingurune paregabe eta segurua izatean datza, sistema digitalen, sareen, datuen eta gailuen babesa errazten diguna, soilik sarbide baimenduak onartuz.
Zer abantaila lortzen ditugu gure estrategia digitalaren bidez?
Digitalizazioak maila guztien hobekuntza dakar; izan ere, enpresaren berrikuntza eta etengabeko hobekuntza eskatzen du, bezeroari soluziorik onena eskaintzeko, "time to market" edo gure produktuak eta zerbitzuak proiektatu, diseinatu, gauzatu eta fabrikatzen direnetik eskura jarri arte igarotzen den denbora minimizatuz.
Kudeaketa prozesuen digitalizazioak eta engranajeak, hala nola diseinuak, ekoizpenak, fabrikazioak, merkataritza eskaintzak, gure produktuen eskaerari erantzuteko stockaren aurreikuspenak eta plangintza logistikoak berekin dakarte zerbitzu eta balio lehiakor hobea, proiektatzen direnetik bezeroarenganako orientazio argia daukatenez gero. Lankidetzako ingurune digital bat inplementatzeak kalitate, kostu eta epe eskakizunak betetzea sustatzen du, eta erantzun denborak arintzen ditu barne eta kanpo mailan.
Nola integratzen da digitalizazioa enpresa prozesu bakoitzean?
Datuen eraginkortasuna, trazabilitatea eta elkarreragingarritasuna funtsezko kontzeptuak dira gure estrategia digitalean. Prozesu logistikoen digitalizazioak, adibidez, plangintzaren kontrola eta eskaeraren aurreikuspena izaten laguntzen digu, stockaren erabilgarritasuna aurreratuz eta barne operatiba optimizatuz, bezeroari erantzun hobea emanez denboran eta forman. Datuaren gobernu horrek ekoizpena, baliabideak eta inbentario estrategiak doitzeko aukera ematen digu, eskaeraren gorabeherei modu eraginkorrean erantzuteko. Bestalde, QR kodeen bidezko online trazabilitateak optimizatu egin du, biltegiko egoeraren monitorizazioari esker, gure biltegien kudeaketa, eta, ondorioz, materialen horniduraren eraginkortasuna handitu egin da. IoT (Internet of Things) motako soluzioa, hainbat fabrikazio zelulatan ezarrita, funtsezkoa izan da produkzio datuak denbora errealean atzitu eta monitorizatzeko.
Gure produktu eta zerbitzuen diseinuari eta berrikuntzari dagokienez, antolaketa arlokook BIM ingurune batean (Building Information Modelling) ingeniaritza proiektuak inplementatzen laguntzen dugu, enkofratu eta aldamio sistemen konfiguratzaile propioak txertatuz. Laser bidezko eskaneatzea aldamioen aplikazioaren azterketa errazten duen beste tresna bat da; izan ere, doitasun eta fidagarritasun handia lortzen dugu obran beharrezkoak diren materialen espazioa, kokapena, antolaera eta hornidura kalkulatzean, eta zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen digu, optimizazio logistikoaren bidez eta errentagarritasuna eta lehiakortasuna handituz.
Datuen atzipenak, gainera, energia berriztagarriaren ekoizpenak gure instalazioetan daukan inpaktua neurtzen uzten digu, gure eraginkortasun energetikoa hobetzen eta erakundearen karbono aztarna murrizten lagunduz. Monitorizazio horrek, gainera, jasangarritasunarekin lotutako ziurtagiriak lortzen eta berritzen jarraitzeko beharrezkoa den informazioa eskaintzen digu; arlo horretan, aipatzekoak dira erakundearen karbono aztarnaren ziurtagiria, zero hondakina eta AENORek emandako ingurumen kudeaketaren ziurtagiria.
Zein da adimen artifizialaren inpaktua gure estrategia digitalean?
Teknologia aurreratuak erabiltzeak, hala nola datuen adimen artifizial prediktibo eta analitiko aurreratua aplikatzeak, erraztu egiten ditu inbentarioen kudeaketa eraginkorra, hornidura katearen koordinazioa eta proiektuen programazioa. Gure ERPtik datorren informazioaren analisiari esker erabakiak informatuta hartzeak lagundu egiten digu datuetan eta joera posibleetan patroiak identifikatzen eta interpretatzen, eta, horri esker, estimazio eta analisi prediktibo bat egin dezakegu, gure bezeroen beharrei eta eskaerari aurrea hartzeko posizio pribilegiatu batean kokatzen gaituena. Analisi prediktiboaz gain, AAk eskaintzen dizkigun eredu sortzaile aurre-entrenatuak sartzen ari gara pixkanaka, agertoki produktiboak, industria laguntzaileak eta dokumentazio teknikoa sortzeko, automatizatzeko eta simulatzeko.
Zer zerbitzu digital garatu dira gure bezeroengandik hurbil egoteko?
Studio Suite ingurune digitala bezeroarenganako daukagun orientazioaren adibide garbia da, ULMAko departamentu teknikoak erabiltzen dituen tresna digitalak jartzen baitizkiogu eskura; gainera, gure ezagutza eskaintzen diogu, bere azterketa teknikoak modu autonomo eta errazean egin ditzan.
Zerbitzu horiek gure webgunearen eta myULMA bezero atariaren bidez eskura daitezke. Atari hori kontratatutako proiektuari buruzko informazio guztia modu garden eta eguneratuan emateko pentsatuta dago, baita lotutako dokumentazio tekniko eta administratiboa emateko ere, hurbiltasun eta konfiantza harreman iraunkorrak ezarriz. Aipatzekoa da, halaber, berriki argitaratu den eta AEBko eta Kanadako erabiltzaileei zuzenduta dagoen SHOP Online delakoa, merkatu bakoitzerako salmenta eskaintza esklusiboekin, non hautatutako artikulu bakoitzaren stockari, prezioari eta entrega datari buruzko informazio erabat eguneratua jasotzen baita, modu erraz eta berehalakoan.