Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

ULMAk Kanadako potasa biltegiratzeko proiektu handienetako batean parte hartu du

2026/07/15
ULMAk Westshore Terminalseko potasa biltegiratzeko eraikin berria eraikitzeko apeo soluzioak eta lan plataformak hornitu ditu. Eraikin hori Columbia Britaniarreko (Kanada) Roberts Bankeko terminala handitzeko proiektuaren parte den azpiegitura estrategikoa da.

Westshore Terminals, ikatza esportatzen duen Kanadako terminal nagusia eta Ipar Amerikako jarduera handiena duena, 800 milioi dolarreko balioa duen hedapen proiektu bat gauzatzen ari da, Saskatchewan dagoen Jansen meatzetik datorren potasaren esportazioa urtean 4,5 milioi tonara arte handitzeko.

Proiektuko elementu berezienetako bat potasa biltegiratzeko eraikin berria da: 400 metro inguruko luzera, 70 metroko zabalera eta 40 metroko altuera dituen egitura erabat itxia, materiala garraiatzeko eta manipulatzeko lanetan hautsa zabaltzea eragozteko diseinatua. Estalkia, hormigoizko zimendu jarraituetan bermatuta dauden zur laminatuzko arku handien segida batez osatuta dago.

Estalkia eraikitzeko, zur laminatuzko 68 arku muntatu behar izan dira aurrez. Horietako bakoitza 25 metro inguruko lau segmentuk osatzen dute, eta, igo eta behin betiko instalatu aurretik, hainbat kotatan mihiztatu behar izan dira.

Erronka horri erantzuteko, ULMAk neurrira egindako soluzio bat diseinatu du, ALUPROP puntal dorreetan eta VR-L mahaietan oinarritua, eta estalkiaren geometriara eta muntaketaren altuera guztietara egokituta.

ALUPROP puntal dorreak sistemaren osagai estandarrak erabiliz konfiguratu dira, 2, 4,5 eta 9 metroko altuerekin, eta, horri esker, lan maila guztietara egokitu ahal izan da, soluzio berezirik erabili behar izan gabe. Gainera, unitate garraiagarri eta berrerabilgarri gisa diseinatu dira, toki batetik bestera desmuntatu beharrik gabe mugitu ahal izateko. Soluzio hori baliagarria izan da eraikuntza prozesua optimizatzeko eta arku baten muntaketa eta goratze lana bost lanegunetan egiteko.

VR mahaiak segmentuen arteko lotura lanetan zurezko arkuak aldi baterako jasateko diseinatu dira, eta, hala, muntaketa ekipoetarako lan ingurune seguru eta zehatza bermatu da.

Soluzioak MK-120 altzairuzko txarrantxak txertatu ditu, hainbat luzeratakoak, eskakizun geometrikoetara eta kargara egokitzeko, bai eta katu hidraulikoak ere, arkuak altxatu aurretik lerrokatzean doikuntza milimetrikoak egitea ahalbidetu dutenak.

Obraren kokapenak, Ozeano Bareko kostaldearen ondoan hain justu, ezinbestean eskatu du haizeak behin-behineko egituretan izaten dituen ondorio handiak kontuan hartzea. Horretarako, plataformak sendotzeko, txarrantxatze sistema diagonalak erabili ziren, karga horizontalak lurreraino eramateko gai zirenak, eta, hala, egonkortasuna bermatu zen muntaketa fase guztietan.

ALUPROP dorreak eta VR-L mahaiak jasotze unitate bakar gisa konbinatuta, kokapenen arteko lekualdatze denborak murriztu dira, eta ez da muntatze eta desmuntatze lanik egin behar izan. ULMAk proposatutako soluzioak obraren produktibitatea handitu du, eta proiektua gauzatu bitartean, segurtasun eta zehaztasun estandar handiak izan ditu.

Ezagutu proiektuaren xehetasun guztiak bideo honetan.