Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

ULMAk bere instalazioetan jatorri berriztagarriko elektrizitatea berak sortzea sustatzen du

2025/06/05
Energia berriztagarria norberak ekoiztearen alde egitea edozein enpresaren deskarbonizazio prozesuan gehien laguntzen duen palanketako bat da, instalazioen energia kontsumoak eragin nabarmena baitu bere jarduerak sortutako berotegi efektuko gasen emisioetan. Horregatik, bereziki garrantzitsua da iturri ez-berriztagarrietatik datorren energiaren kontsumoa murriztea.

Panel fotovoltaikoak instalatzea bereziki interesgarria da enpresa batzuen kasuan, esaterako, ULMA Constructionen kasuan, azalera handiak dituelako eta bertan energia berriztagarriko potentzia esanguratsua sortzea ahalbidetuko duten plaka fotovoltaiko kopuru nahikoa jarri daitezkeelako. Gainera, lan ordutegiak, hau da, energia gehien kontsumitzen den orduak, eguzki orduekin bat egiten dute gehienbat, eta ordu horietan ekoizten da energia fotovoltaikoa.

Zentzu horretan eta enpresa jasangarritasunarekin duen konpromisoari erantzunez, ULMA Constructionek bere instalazioetan energia berriztagarria berak ekoiztearen alde egin du, eta horrek erakundearen karbono aztarna murriztea ahalbidetuko du. Helburu horrekin, 108 eguzki plaka jarri dira Bartzelonan duen lantokian. Instalazioa maiatzean jarri da martxan, eta 61,02 kW-eko ekoizpen ahalmena du gehienez ere, eta urtean 161.381 kW ekoiztera iritsi daiteke; egoitza horretan urtean %36,19 energia gutxiago kontsumitzea ekarriko du horrek.  Hala, Bartzelonan instalatutako plakei esker urtean 11,68 tona CO2 gutxiago isuriko dira, edo, beste modu batera esanda, 1.110 zuhaitz moztea saihestu da.

Instalazio hori ULMA Constructioneko beste lantoki batzuetan martxan daudenei gehituko zaie: Alemania, Brasil, Polonia eta Portugalgo lantokiek 393.256 kWh ekoitzi zituzten guztira 2024an, eta panel fotovoltaiko propioak dituzte sarera konektatuta; beraz, sobera ekoizten duten energia sarera isuri dezakete.

Horrela, 2024an 2023an baino ia %50 energia gehiago sortu zen, urte horretan 266.787 kWh energia fotovoltaiko erregistratu baitziren, beraiek ekoitzita. Hazkunde hori Brasilgo egoitzan instalazio fotovoltaikoak martxan jarri direlako gertatu da batez ere, aipatutako gainerako herrialdeetan martxan zeudenak indartzera etorri dira-eta.

ULMAk energia berriztagarria sortzeko hasitako bidea ibilbide luzekoa da, baliabide hori duten lantoki kopurua handitzeko asmoa baitu. Txileko egoitzan, esaterako, eguzki panelak ezarri eta martxan jartzeko aurten hasi diren ikerketek berresten dute norabide horretan sendotu eta hazi egingo dela.

Energia propioa sortzeak onura ugari eragiten ditu bai ingurumenerako bai gizarterako, energia berriztagarria ekoizteko gaitasuna handituz. Horrek epe ertain eta luzean enpresarentzat kostuen aurrezpena ekarriko du, baina ez hori soilik, energia kontsumoarekin lotutako emisioak murriztea ere ekarriko baitu, eta murrizketa horrek klima aldaketaren aurkako borrokan eta ingurumenaren zaintzan eta babesean laguntzen du; beraz, XXI. mendeko erronka sozial handienetako bat lortzen ere laguntzen du.

Hori da ULMAk bere jarduerak sortutako berotegi efektuko emisioak murrizten laguntzeko hartutako neurrietako bat, eta Parisko Akordioan ezarritako helburuekin bat etorriz 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko ULMA Constructionek duen 2023-2025 aldiko Jasangarritasun Estrategiaren Ekintza Klimatiko eta Energia Jasangarriko ardatzen parte da.