ULMAk aitorpena jaso du EMAKUNDEren eskutik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako erakunde laguntzaile gisa
“Lankidetza erakunde” aitorpenaren helburua, 4/2005 Legeak definitzen duen moduan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko gizarte- eta lan-eremuan sortutako ekimenak sustatzea da. Euskal Autonomia Erkidegoan, EMAKUNDE da aitorpen hau emateko ebaluaketa prozesuaz arduratzen dena. Honela, ULMA Constructionek lurralde honetan dagoeneko izendapena jaso duten entitateekin (150 baino gehiago) bat egiten du, egunero lan ingurua berdintasunerako espazio bihurtzeko lan eginez.
Aitorpen hau lortzeko, ULMA Constructionek berdintasunaren alorrean egindako lana frogatu behar izan du, zeina, batez ere, burututako berdintasun-diagnostikoetan, definitutako eta ezarritako Berdintasun Planetan eta haien ebaluazioan islatzen den.
Indarrean dagoen Berdintasun Plana ULMA Constructionek egindako bigarrena da eta hiru ekintza-ardatz nagusi ditu. Ekintza ildo hauek berdintasunaren alde aurrera pausoak ematea dute helburu eta arlo honetan antzemandako hiru hobekuntza aukera nagusiri erantzuten diete: emakumeen lidergoa sustatzea, emakumeen portzentajea handitzea langile guztiekiko eta berdintasunari buruzko komunikazioa indartzea.
Lan ardatz hauen bidez, enplegu-baldintzetan tratu-berdintasuna bermatzeaz gain, emakumearen presentzia biziki maskulinizatutako sektore batean indartzea bultzatu nahi da, helburu hau enpresaren jardueratik harago doan erronka soziala izanik.
Lan ildo hauen barruan, ekintza ugari egiten dira urtean zehar, berdintasuna lortzeko zailtasunak ezartzen dituzten oztopo edo egoerak ezabatzeko asmoarekin. Gainera, arreta berezia jartzen da emakumeak entitatean duen papera ikusgarri egin eta honen inguruan sentsibilizatzeko, gaur egun eta etorkizunean aukera berdintasuna bermatzeko bereziki eraginkorra dela ulertuta, beharrezkoa den kultur eraldaketa ahalbidetzeko gakoa izan daitekeelakoan.
Gainera, antolakuntzari dagokionez, enpresak Berdintasun Batzorde bat du, periodikoki biltzen dena, planean proposatutako ekintzen jarraipena egiteko eta berdintasunaren arloan aurrera egiten jarraitzeko egin daitezkeen hobekuntzak baloratzeko.
Horregatik guztiagatik, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde” aitorpena jasotzea mugarri bat da berdintasunarekin dugun konpromisoan, eta urteetan egindako lana baliozkotzen du. Gainera, konpromiso hau jasangarritasunaren aldeko gure apustuaren parte da, hau da, inguruko gizartean epe luzera inpaktu positiboa sortzeko gure proposamenaren osagai bat.