Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Vasco da Gama zubi tirantedunaren konponketa, Lisboa

2023/01/13
Vasco da Gama zubi tiranteduna da, Tajo ibaiaren gainean dago, eta Alcocheteko eta Lisboako udalerriak lotzen ditu, Portugalen. 17,3 km baino gehiagoko luzera du, eta Europar Batasuneko zubirik luzeena da.

Bi pilono nagusiak nabarmentzen dira, 150 metro altu dira-eta. Ibai ohearen gaineko pilareen egitura, zeinean zubia oinarritzen baita, 12 korapiloko abiaduran mugitzen diren 30.000 tona arteko itsasontzien inpaktua jasateko diseinatuta dago. Halaber, 250 km/h-ko haizeak ere jasan ditzake, eta 1755ean Lisboa suntsitu zuena baino lau aldiz handiagoa den lurrikara bat jasateko diseinatu zen.

ULMAk egin duena izan da pilonoaren goiko aldean tiranteetara iristeko sistemak sortzea, eta taularen behealderako sarbide bat, trafiko istripu baten ondorioz kaltetutako tirante batzuk ordeztu ahal izateko. Gainera, langileak prestatzeaz, ikuskapenak egiteaz eta aldamioa muntatzeaz eta desmuntatzeaz arduratu da. Zubi horren enpresa emakidaduna Lusoponte da, eta konponketaren proiektua Freyssinet enpresak egin du.

Proiektuaren konplexutasuna da sarbide seguruak sortzea langile espezializatuentzat, tiranteak ordezteko, desmuntatzeko eta tirante berriak instalatzeko garrantzitsuak diren lau puntutan: pilonoaren barrualdean, pilonoaren kanpoaldean, taularen gainean eta taularen azpian. 

Zentzu horretan, azpimarratzekoak dira pilonoaren kanpoaldeko berezitasunak eta pilonoaren azpiko sarbidea. Aurretiazko lanak galtzadaren 6 metroko gune librean egin behar ziren, eta ezin ziren aldamioa pilonotik kanpo 100 m-ko altueran muntatzen utziko zuten bitarteko astunak erabili. 

“Horregatik, ULMAren BRIO aldamio tubularrak erabili ditugu, lehenik malguak direlako, bigarrenik pisu txikiko elementu modularrak dituztelako, eta hirugarrenik sistema homologatua direlako. Hori guztia zubian dauden erreserbatutako lekuetatik mihiztatu eta muntatu behar izan da, bereziki pilonoaren barruan dauden lekuetatik edo mantentze lanetarako dauden lekuetatik. Beraz, pilonoaren kanpoaldean muntatu da aldamioa, pilonoaren barrutik piezaz pieza, gero aldamioa zintzilik jartzeko eta pilonotik kanpo paramentura ainguratzeko”, esan du Patrick Ladretek, Freyssineteko Nazioarteko Arloko Negozio zuzendariak.

ULMAko ingeniaritza taldeak soluzioa BRIO norabide anitzeko aldamioarekin ematea planteatu du. Muntaketa prozesua pilonoaren goiko aldetik hasi da, 150 m-ko altueran, eta handik 20 m jaitsi da azken tiranteraino.

Muntaketa goitik behera eta nahiko altuera handian egiteko zenez, funtsezkoa zen inplikatutako guztiak eta hirugarrenak seguru egotea, zubiak martxan jarraitzen zuen-eta. Egoera hori beti eduki zen gogoan proiektuaren garapenean, aurreikusitako lanetarako segurtasuna eta aldamioaren funtzionamendu eta aplikazio egokia bermatzeko.

“Proiektuak diseinu berezia behar izan du, 2 berezitasun daudelako: altuera eta haizea. Erabat kapsulatuta dagoen aldamio bat da, langileek pilonoaren goialdeko kanpoaldean segurtasun osoz lan egin ahal dezaten eta objektuak inoiz ere galtzadara eroriko ez direla bermatzeko. Aldamioa ez dago oso babestuta haizeetatik; horregatik, hainbat karga hipotesi kalkulatu ziren egitura guztietarako, behar bezala funtzionatuko zuela bermatzeko, aldamioak baldintza zorrotzak jasan beharko ditu-eta”, adierazi du Patrick Ladretek.

Beheko aldera errazago iristeko taulan muntatu den egitura goiko aldean dorre bat duen BRIO Norabide Anitzeko Aldamio bat izan da. Egituraren gainerakoa zintzilik jarri zen, taularen mailatik 6 m azpitik.

Muntaketa lan horiek izan zitzaketen arriskuen prebentzio eta jarraipen egokia egiteko, ekipo espezializatu batek egin zituen lanak, BRIO aldamioa segurtasun osoz behar bezala aplikatzen zela bermatzeko.

Bideo honetan dituzu proiektuaren eta bezeroaren testigantzaren xehetasun guztiak. Irudiak ikaragarriak dira!