Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

H-33 zertxa, irtenbide modularra eta sostengatzailea Krakovian bi zubi eraikitzeko

2021/11/26
Krakovian bi zubi berri eraikitzen ari dira Vistula gainean: M1 eta M3 zubiak. Lehen zubia distantzia luzeko trenek erabiliko dute, eta bigarrena aldirikoek. Distantzia luzeko trenen eta aldirikoen trafikoak banantzeak nabarmen hobetuko du trenen joan-etorriak tarte horretan, eta konexioen kopurua handituko du, bidaia denbora laburtuko du eta bidaiarien erosotasuna eta segurtasuna bermatuko ditu.

Krakoviako bi trenbide zubi berri horiek "E30 trenbide linearen Krakovia Gzaizówny Towarowy-Rudzice tarteko obrak eta aldiriko linearen trenbideak eraikitze lanak" proiektuan sartzen dira. Mila milioi zl-tik gorako inbertsioa da, eta MCEk kofinantzatuta dago. MCE da interkonexirako tresna bat Europarako, eta E30 lineak, besteak beste Przemyśl, Kraków, Wrocław eta Zgorzelec lotzen dituen tren lineak, egiten duen bide internazionalean trenak efizientziaz bidaiatzea bermatuko du.

Trenbideak kudeatzeaz arduratzen den enpresak (PLK - Polskie Linie Kolejowe) hiru trenbide zubi berri planifikatu zituen. 2020az geroztik, trenek M2 zeharka dezakete. Bigarren zeharbidea urte honen amaieran edo datorren urtearen hasieran egongo da prest, eta bi bide izango ditu distantzia luzeko trenentzat. Hirugarren zubia trenentzat, oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da.

Strabag da proiektu honen kontratista orokorra. ULMA Constructionek enkofratuen, zinbrien eta aldamioen irtenbide integralak jarri ditu eraikuntzaren fase guztietan eta M1, M2 eta M3 hiru zubien egituretan.

M1 eta M3 zubiak eraikitzeko obrak egiten ari dira gaur egun. M1 zubia erdikoa da, bi burdinbide ditu gainean, eta lau bao ditu euskarri artean neurri hauetako argia dutenak: 30,9 + 37,8 + 36,3 + 11 = 116 m. Hiru baotan enkofratua sostengatzen duen egitura karga handiko H-33 zertxen sistema batekin egin da, 24-30 metroko luzeran, Vistula ibaiaren gainean. Zertxen sistema hori modularra da, lurrean soilik pixka bat zurkaiztu behar da, eta erraz muntatu eta manipulatu daiteke. Baorik estuena 12 metro luze diren TAC altzairuzko profilekin egin da.  Zertxak eta metalezko profilak ibaiaren ohean dauden zubi zaharraren pilareen gainean diseinatu dira, bereziki horretarako egokitu ziren eta. Gainegitura pilareen muturretan bermatuta dago MK kontsolen multzo batzuen eta taulako kargak banatzeaz arduratzen diren profil metaliko batzuen bidez.

M1aren muturreko baoen egitura sostengatzailearen enkofratuaren euskarria dira T60 zinbrien dorreak, ALUPROP aluminiozko eskorak eta karga handiko S40 eskorak.

Zubiko taula ENKOFORM HMKrekin enkofratu da. Habeak enkofratzeko oso sistema moldakorra da, hormigoizko hainbat egitura horizontaletarako balio du, eta ezin hobe egokitzen da sekzioen formara.

M3 egitura antzeko teknologia erabiliz diseinatu da: egitura sostengatzaile arkupetua H-33 zertxekin, lau bao baititu M1aren eraikuntzako argi berberekin. 24 m-ko baoa TAC 1200 altzairuzko habeekin diseinatuta dago, 30 m-ko hurrengo bi baoak H33 zertxekin egingo dira, eta azken baoa 9 m-ko luzera duten DIPE 450 altzairuzko habeekin. TAC habeen eta H33 zertxen euskarria MK dorreekin eta S-40 eskorarekin egin da, eta enkofratuaren euskarria T60 dorreekin eta altuera handiko MK dorreekin. M3 egituraren kanpoko baoak aurtengo hirugarren hiruhilekoan eraikiko dira.

Xehetasun gehiagorako, ikusi bideoa.